PHILEAS FOGG
Julio Vernek idatzitako “La vuelta al mundo en 80 días” deituriko nobelan oinarritzen den izen bereko pelikularen korapiloan Phileas Fogg izeneko pertsonaiak hasiera hasieratik atzeman du nire arreta.
Londreseko asmatzaile xelebre honek bere garaian oso aurreratuak ziren gauza bitxiak asmatzen zituen, hala nola, maleta gurpilduna, irristailuak eta hegazkina. Azken honekin bidaiatzea amets egiten zuen! Zoritxarrez, XIX. mendeko aristokrata handiek bere aurrerapenak mespretxatzen zituzten, batez ere Zientzia Akademia Errealeko zuzendaria zen Lord Kelvinek. Mr. Fogg aurrerapen eta aurkikuntzengatik bizia emateko beti prest egoten zenez, zuzendariari hortzak erakutsi zizkion. Izan ere, manera onak dituen gizon jator honek sekulako apustua egin zion: 80 egunetan munduari bira emateko gai izango zela. Hau da zorakeria, hau! Hori zela eta, ile beltza duen gazte dotore honek asmakuntzez beteriko etxe handia utzi eta abenturaz jositako bidaiari ekin zion.
Berehala neureganatu dut guztiz sineskorra dela eta edozeinek ziria sartzen diola. Bestalde, atsegin dudan beste ezaugarri batekin harri eta zur gelditu naiz: trakets eta koldarra izan arren, noizean behin eta nahi gabe heroia dirudi. Orduan, sortutako pasadizoak barrez hesteak botatzeko modukoak dira. Beste aldetik, pelikularen hasieran bakarzale, zalantzatsu eta odol hotzekoa iruditu bazait ere, abentura aurrera doan ahala, benetako laguntasuna aurkitzen duela azpimarratu nahiko nuke. Ordutik aurrera, adoretsu azaltzen da eta gogoz eta bihotzez lagunengatik dena ematen du. Azken eraldaketa honek hezurretaraino eragin dit zirrara.
Bukatzeko, bidaia honi esker ezkongaia izateari uzten diola aipatu nahi dut. Izan ere, bere bizitza beteko duen amodioa topatzen du!
Joan zaitez agudo pelikula hau ikustera! Abenturak eta dibertsioak Phileas Foggekin lotura zuzena dute!!
No hay comentarios:
Publicar un comentario