03 junio, 2014

IRAIZKETA 3

IRAIZKETA


Iraizketari esker, odolaren hainbat hondakin kanporatzen ditugu. Nola heldu dira, ordea, hondakinak odolera? Eta, nola kanporatzen ditugu?


Dakizuenez, gure zelulek behar duten energia lortzeko, heste meharrean zurgatutako mantenugaiak eta birika albeoloetan jasotako O2 behar dituzte. Hauen prozesu kimikoaren ondorioz, zeluletan energia sortzen da, baita hondakinak ere, CO2 eta beste hainbat hondakin, alegia. Gure zelulek sortutako hondakin hauek odolak biltzen ditu  eta kanporatzeko gune egokietara  garraiatzen ditu,  CO2  birika albeoloetara eta beste hondakinak iraitz aparatura.


Aipatutako azken hondakinez betetako odola giltzurrunetara iristen da. Bi organo hauek odola iragazi egiten dute, bertatik hondakinak, hainbat gatz mineral eta soberan duen ura aldenduz. Honen ondorioz, gernu deituriko nahastea osatzen da. Gernua giltzurrunetatik irten eta ureterretan barrena garraiatzen da. Ureterretatik  elastikoa den gernu maskurira heltzen da. Hementxe gernua metatzen da uretra izeneko hoditik kanporatu arte. Gernuaren % 95 baino gehiago ura da. Hortaz, ura edan behar dugu gernuaren bidez galdutakoa berreskuratzeko.


Bestalde, hondakinak  beste era batean ere kanporatzen ditugu. Izan ere, beroa egiten duenean edota kirola egiten dugunean, izerdia agertzen da gure larruazalean. Larruazala hiru geruzek osatzen dute: epidermisa, dermisa eta hipodermisa.  Izerdia dermisean dauden izerdi guruinetan sortzen da.  Baina, nola sortzen da izerdia? Izerdi guruinetan odola iragazten da zeluletan sortutako hondakinak aldenduz. Hauek ura eta hainbat gatz mineralekin nahasten dira izerdia sortuz. Izerdi guruinak hodi baten bidez komunikatzen dira kanpoaldearekin. Izan ere, hodi bakoitzak poro bat du muturrean eta bertatik izerdia kanporatzen da.
Izerdia botatzean, gorputzak berriro ere ura galtzen du. Hau dela eta, oso garrantzitsua da ur asko edatea udan eta kirola egiten dugunean.

No hay comentarios:

Publicar un comentario