28 enero, 2014

Erdi aroa

Hiriko bizimoduaren berrindartzea


Aurrerapenei eta landutako azalera handitzeari esker, nekazaritzako produkzioa hazi egin zen eta, hala, elikadura hobetu eta goseteak saihetsi ziren. Horrekin batera, garapen ekonomiko orokorra gertatu zen eta, horren ondorioz, Europako biztanleriak hazkunde handia izan zuen, ordura arte izandako handiena. XII. eta XIV. mendeen artean Europako biztanleria bikoiztu egin zen eta 40 milioi biztanle izatetik 80 izatera igaro ziren.

Elikadura hobeari esker pertsonek gaixotasunei eta izurriei errazago egiten zieten aurre eta hilkortasuna ere asko murriztu zen. Aldi berean, oparotasun ekonomikoaren ondorioz jendea lehenago ezkontzen zen eta emakumeek lehenago izaten zituzten seme-alabak; hala, bada, jaiotza-tasak ere gora egin zuen nabarmen. Bestalde, biztanle gehienek nekazaritza-inguruetan bizitzen jarraitu bazuten ere, etekinak eta, beraz, soberakinak, gero eta handiagoak ziren. Hau dela eta, nekazaritza-inguruetan eskulana soberan zegoen. Honen ondorioz, jendea hiri-inguruetara alde egiten hasi zen.

Hiribildu eta hiri asko elizen, gazteluen edo abade-etxeen inguruan sortu ziren, burgu txikiak garatu zirelako. Gazteluko eta inguruetako herrixketako biztanleen beharrak ase ahal izateko azokak sortu ziren eta bertan nekazariak, artisauak eta kinkilariak izaten ziren. Azoken inguruan gero eta etxe gehiago eraiki zituzten, batipat, artisau eta merkatariek. Bertaraino iristen zirenei ostatu emateko eta elikatzeko ostatuak eta tabernak ere altxatu zituzten... Askotan harresi bat altxatzen zen burguan bizi zen jendea babesteko. Nekazari batzuk azokara joaten ziren abereak, nekazaritzako produktuak edo landutako produktuak, ogia adibidez, saltzera edo trukatzera. “Bezero” ohikoenak bertan bildutako artisauak eta kinkilariak ziren.




Hiriko bizimoduaren berrindartzea

1go paragrafoa: (Biztanleriaren hazkundea)
    • Zergatik lortzen zituzten nekazariek produktu gehiago?
    • Zein ondorio (3) ekarri zituen produkzio honen igoerak?
    • Hiru ondorio hauek beste ondorio garrantzitsu bat sortu zuten. Zein?
    • Zehaztu goiko ondorioa
2. paragrafoa: (Erdi Aroko biztanleriaren hazkundearen arrazoiak)
    • Zein ondorio (2) ekarri zituen biztanleak hobeto elikatzeak?
    • Zergatik jaiotza-tasak ere handitu zen?
    • Azaldu zehatz-mehatz zergatik herritarrak hirietara joaten hasi ziren.
3. paragrafoa: (Azoken sorrera)

    • Non sortzen ziren herri edo hiriak?
    • Zer sortu ziren biztanleek behar zutena lortzeko?
    • Nortzuek hartzen zuten parte goikoetan?
    • Zein ondorio ekarri zituzten azokek?

No hay comentarios:

Publicar un comentario